2009/03/25

Happy Holi!

Eta zapla! kolorezko hautsak eskuan hartu eta zaplaztekoa! zaplaztekoa ez; igurtzi suabe-suabe bat eta happy holia zoriondu elkarri. Holaxe ospatzen dute Indiarrek Holi eguna. Eta guk ere gure erara ospatu genuen. Zoriona opatzeko modu bat; horixe da Holi eta martxoaren 11n ospatzen da; Kolkatan behintzat. Bezperan hasten dira ospakizunak eta gure ofizinako gazteak behintzat edabe majiko batekin hasi ziren. Efektu aluzinojenoak omen dituen edari bat preparatu eta droga moduan erabiltzen dute! Probatzeko eman ziguten eta baita edan ere. Basokada bat hartu genuen eta ez zitzaigun horren besteirainokoa iruditu baina bazegoen 5 edalontzi edandakorik ere!

Martxoaren 11n berriz goizean goiz hasten dira Holi-a ospatzen. Kolorezko hautsak elkarri botaz gozatzen dute. Holi-ra jolasten dute; eta batzuk gurekin jolastu nahi zuten.



Azkenean amen egin besterik ez genuen izan...

2009/03/18

Ama ta Atte Indian

Etorri dira bai eta 10 egun pasa iada! Gustora ibili dira eta gustora dabiltza. Paraje zoragarriak ikusi dituzte eta egoera harrigarri eta gogorrak bizi ere bai. Hauxe da India.
Luxuzko hoteletik irten eta kalean benetako egoera krudela ikusteko aukera izan dute. Biluzik dauden umeak, eskean dabiltzan gizonak, erabat zikindurik dauden kaleak, bertako eromena, kotxeak, ziklorickshaw-ak, autorickshaw-ak,... erotzeko moduan.

Baina guzti honen ondoan Indiako tenplu zoragarriak, Haveli izeneko garai bateko Maharaja-en jauregiak, Taj Mahal, Varanasiko hiri sakratua,... izan dute bai Indiako beste zati horrekin gozatzeko aukerarik ere.

Autobus batean ibili dira Delhi, Jaipur eta Agra artean eta bi bikoterentzako gia, gidari eta laguntzaile bat izan dituzte. Hauek bai Maharajak! 4 lagunentzako 3 langile! Elefante gainean ibiltzeko aukera ere izan dute eta ama ez zen mareatu. Gure fordtransit-an antza izango zuen elefanteak bai!


Taj Mahalen perfekzioaz ere liluratu dira. Argazki batek mila hitzek baino gehiago balio dutela aprobetxatuz, tori hemen argazki bat.
Eta azkenik Varanasin elkartu ginen. Oso momentu berezia izan zen gurasoekin Indian elkartzea. Zeinek esango zuen... Varanasin bi egun elkarrekin pasa ditugu. Munduko hiririk zaharrena izanik (4000 urte) eta hinduismo, budismo eta jainismo erlijioen gune garrantzitsu izanik bazegoen zer ikusia. Ganges ibai sakratua, bertara hurbiltzen ziren peregrinoak, gorpuen erraustea,...



Ordurarte egindako bidaiarekin gustora, atzo gauean Kolkatara iritsi ginen. Bertan genuen zain Rabisankar sorpresatxo batekin. Hemengo hau zioen gainean zeraman kartelak: "ONGI ETORRI CALCUTARA; MIGEL ANGEL AMENABARRO JAUNA; AXUN GOIKOETXEA ANDEREA; RABISANKAR PAL"

Etxera iritsi ginenean gusto haundiz ospatu genuen ardo botila batekin...

Bihar San Jose eguna izanik zorionak Joxe edo Joxe... guztiori.

2009/03/09

Dantzaldia

Atzo Indiako estatu ezberdinetako dantza ikuskizunak ikustera joan ginen antzoki batetara. Arratsaldeko 7etan hasten zen eta han agertu ginen Fernando, Rabi eta hirurok. Suktiren alabak egiten omen zuen dantza. Sukti Rabirekin batera gaztelera hitzegiten duen emakume jator bat da. Bere gizonarekin joan zen eta gurekin lanean dabiltzan kontsultora batekoak, lagunak omen ditu. Hori entzun bezain pronto hasi ginen gure gruei buruz hizketan. Aii! Igandea eta hala ere lanean!


Oso ikuskizun polita izan zen, kolore bizikoa eta alaia. Rajasthan, Punjab, Gujarat,... estatuetako dantzak aurkeztu zizkiguten eta oso erritmo haundikoak ziren. Denera 15 bat neska-mutiko izango ziren eta ordubete luzez aritu ziren txandakatuz. 4 abeslari ere bazeuden eta dantzei ukitu berezia eman zieten beraien abestiek.

2009/03/07

Indiar abegitsua

Indiarrek, lehenengo aukera presentatzen zaienean ederki aprobetxatzen dute eta bere etxera gonbidatu. Halaxe egin zuen Arum-ek lehengo batean. Arum Rabisankar-en bidez ezagutu dugu eta gaztelera erdipurdi egin arren italierarekin ederki konpontzen da. Hiriko kaleetako batean egin genuen topo eta etxera zihoala esan zigunean gurekin etortzeko esan genion. Etxera lagundu genion gure kotxearekin eta te bat hartzera gonbidatu gintuen. Bere emaztea hitz bitan aurkeztu eta berehala jarri zuen lanean: "Ekarri itzazu 4 chai".

Arum Kolkata zentroan bizi da eta sekulako etxea dauka. Rabik erregea deitzen dio, garai batean pertsona haundiek baitzituzten honelako etxeak. Arumek bere umiltasuna nabarmenduz ezetz eta ezetz erantzuten dio. Gizon jatorra da Arum bai.

Chai goxoa gaileta batzuekin hartu ostean bere etxea erakutsi zigun. 4 pisu igo genituen goiko terrazara iritsi arte. Bertatik Kolkata hiriko dorre eta antenak ikusteko aukera izan genuen. Benetan beste itsura bat hartzen du hiriak goitik ikusita. Itsura lasaiagoa behintzat bai.

2009/03/03

Kaleko Animazioa

Kolkatatarrei asko gustatzen zaizkie kalean antolatzen diren ospakizunak. Asteburuero ikus ditzakegu kontzertuak, mitinak, manifestazioak, merkatuak, dantzak,... Horretan nik uste antzekotasun haundia dugula. Igandean kalera atera ginen bueltaxka bat ematera eta Bengala estatuko dantza talde batzuen ikuskizuna bizitzeko aukera izan genuen. Europako hiri bat bailitzan plaza bateko ixkin batean korro haundi bat sortu zen eta han hasi ziren duela 300 urte arma modura erabiltzen zituzten makila luze haiek astintzen. Rabisankarrek esan zigun makila horiekin eskopeteroen balak sahiesten zituztela. Hori abilezia!

Indian ezin liteke beste era batera izan. Sekulako jendetza bildu zen dantzarien inguruan eta bertaratu ginen atzerritarrez gain, Indiar ugari antzeman genuen gu bezala argazkiak ateratzen. Sekulako argazki makinak zeuzkaten! Beste asko berriz eguneko otordua lortzeko helburuarekin hurbildu ziren... Hauxe da Indiako kontrastea.
Etxera joan aurretik bigarren dantza talde bat ikusteko aukera izan genuen. Bertan antzezten zutena guk hainbeste ezagutzen dugun ezpatadantzaren antzekoa zen. Gizon bizardun bat eta hiru gazte elkarrekin borrokan irudikatzen zuten eta ezpataren ordez makila bat zuten eskuartean.
Badirudi Mendebaldeko Bengalan makilak garrantzi haundia duela bertako poliziak ere trafikoa zuzentzen makila banarekin moldatzen baitira!