2009/02/09

Sarasuati Puja


Urtarrilaren 31n Sarasuati Puja ospatu zen Kolkatan eta guk ere gure erara bizitu genuen. Sarasuati, jakituriaren jainkosa da; hinduismoko hiru jainkosa garrantzitsuenetako bat Laksmi eta Durgarekin batera. Goizean goiz eta barauik hasi genuen ospakizuna. Anindita goizeko 8 t'erdietarako zain genuen. Sarasuati jakituriaren jainkosa izanik, eskola eta unibertsitateetan ospatzen dira "puja" hauek eta Aninditak lan egiten duen institutura hurbildu ginen.

Ganges ibaiako hondarra edo lokatzarekin egindako jainkosaren irudi erraldoiaren aurrean eseri ginen beste hamaika indioren ondoan. Denak oinetakorik gabe sartu ginen ohikoa den bezala eta segituan konturatu ginen kolore biziek Indian duten garrantziaz; argazkietan ikusi besterik ez dago. Gu goiz iritsi ginen eta eseritzeko aukera izan genuen baina beste jende askok zutik jarraitu behar izan zuen "elizkizuna". Monje edo fraile batzuk jainkosaren aurrean eseri eta Sanskritu esaldi batzuk kantatzen hasi ziren. Indiarrek berriz zintzo-zintzo errepikatzen zituzten esaldi berberak. Fernando saiatzen zen esaldiak errepikatzen baina ni isil-isilik egon nintzen.

Zeremonia honen momenturik gorena jainkosari loreak eskeintzean ematen da. Hori egin baino lehen Ganges ibaiaren urarekin bataiatuak egon behar dira eta lana erreztearren gizon bat arduratu zen guri Gangeseko ura botatzeaz. Harrigarria zen bertaratutakoen poztasun eta asebetetze sentimentua; aurpegian nabari zitzaien.


Ondorengo pausua lore banatzea izan zen eta azkenik, lore hauek eskuan harturik, Sarasuatiri abestuz lore eskeintza amaitu zen.


Hurrengo pausua jainkosari zegokion. Jainkosari zegokion goizean goiztik barauik bertaratu ginen guztioi jaten ematea. Eta halaxe egin genuen; fruta pixkat lehenik eta plastikozko ontzi batean jaso genuen arroza ondoren. Gozoa jarri zitzaidan Anindita arroza "tuperbare" sinple batean eman zigutela esan nuenean. "Sarasuatik eskeinitako hamaiketakoa da Manex! Ez esan horrelakorik!..." Segituan isildu nintzen...


Egun hau Bengala Mendebaldeko estatuan ospatzen den jai bat da eta nabari zen Bengalien janzkera eta aurpegietan. Hemen ere emakumeak gizonezkoak baino gehiago preparatzen direla konturatu ginen. Gizonezkoak eguneroko janzkera beretsuekin ikusi genituen baina emakumezkoak oso dotore jantzita ikusi genituen. Aninditak berak, egun honetarako espreski erosia zuen saree dotore bat zeraman.


Aninditarekin amaitu ondoren, Rabiren txanda iritsi zen. Eguerdirako bere etxean genuen hitzordua. Bere etxean bazkaldu behar genuen Fernando eta biok. Oso berezia izan zen. Zain genituen bere ama, izeba eta osaba (3rak anai arrebak). 72, 84 eta 78 urtekoak hurrenez hurren. Gehienok dakizute zenbat gustatzen zaizkidan aiton-amonak! Oso aberasgarria izan zen haiekin hitzegitea; batez ere izebarekin. Hantxe egon ginen ordu erdi luze bere kontuak entzuten. Bere familiaz hitzegin zigun; 12 anai-arreba; eskola haundikoak garai hartarako. 3 ingeniari, 2 mediku, 3 irakasle behintzat baziren! Eskozian urtebete egona zen 70. hamarkadan britaniarren eskola eredua ikasten. Lan haundia izango omen dugu gaur egungo gazteok mundu hau zuzentzen! Hori esaten zuen behin eta berriro!

Bazkaria bere koinatak preparatu zuen. Haragirik ezin omen da jan honelako egunetan eta arroza eta lentejak nahasturik jan genituen; patata prijitu batzuk eta aza. Amaitzeko berriz mermelada antzeko bat eta yogurth bat. Edateko ura. Etxe horretan egunero haragia jateko ohitura omen dute eta beste egun batean haragia probatzera joateko eskatu ziguten. Nola egingo diogu ba muzin horrelako eskaintza bati! Gosez behintzat ez gara geratuko, lasai!
Ah! aitortu beharra daukat Rabi oso dotore zegoela bere kurtarekin. Gu ere saiatu ginen indiar erara janzten eta eguna, kurta banarekin pasa genuela aitortu beharra daukat.
Ondo segi eta hurrengorarte!
Manex