2009/09/27

Durga Puja

Egun hauetan Durga Puja ospatzen ari gara Indiako ipar-ekialdean. Indar handiena Kolkatan du ospakizun honek eta bete-betean harrapatu gaitu. Hindu mitologia edo erlijioko gertakari bat goraipatzen dute, Durga jainkosak deabrua hiltzen duenekoa alegia. Horretarako auzo edo lagun talde bakoitzak "pandal" izeneko tenpluak eraikitzen dituzte hiriko edozein baztar edo plazetan. Tenplu hauek banbuzko estrukturak dira kolore ezberdinetako telez estali edo bilduak. Artista hutsak dira bengalatar hauek eta tenplu zoragarriez gozatzeko parada izan dugu. Berriro esango dut: banbuzko estrukturak dira eta kolore ezberdinetako telak erabiltzen dituzte paretak eraikitzeko... gozatu!
Atzetik ikusita...
... eta aurretik ikusita

Uztailaren 14ean ematen nizuen "Kumar Tuli" auzoan artisauek lantzen dituzten jainkosen irudien berri. Irudi hauek "pandal"-etako aldareetan jartzen dira jendeak beraien idoloak agurtu edo argazkiak atera ditzaten, eskulturaz gozatu dezaten edo besterik gabe errezu bat eskeini diezaioten. Aldare hauetan lehen aipatu dudan deabruaren hilketaren pasartea irudikatzen da eta Durga Jainkosa bere 4 seme-alabez inguratua agertzen da. Lakhsmi eta Saraswati alabak eta Ganesh eta Gartikeia semeak.

India garapen prozesu betean murgildurik dagoela ikusirik, bertako ohiturak eta batez ere gazteenak eboluzionatzen ari dira. Garai batean festa erlijioso hutsak zirenak orain aisialdirako edota bidaiatzeko aprobetxatzen dira. Milaka bengalatarrek ospa egin dute Kolkatako tenperatura jasangaitzetatik hegoaldeko hondartzetara, Thailandiara, Malasyara,... lasaitasun bila. Gazteak berriz, guk egiten dugun moduan alkoholarekin lotzen dituzte jaiak, lagunekin elkartu, edariak erosi eta botiltzarra egiten dute; ahal dutenak behintzat. Kolkatan bestalde, "pandal" inguruak umeentzako zein helduentzako barrakez betetzen dira. Oso kuriosoak benetan, gurean bezala noriak, "águila", "saltamontes", tiropitxoiak,... Beraien estrukturei begiratu besterik ez zegoen bertara inguratu ere ez nuela nahi pentsatzeko. Indian... ezta pentsatu ere, bazpare!!

2009/07/23

Haridwar

Igandetik gaur arte Indian barrena bidaiatzen izan gara. Astelehenean bilera bat genuen eta asteazkenean bigarrena. Horretarako igandea bidaian pasa genuen (Kolkata-Mumbai hegaldia eta ondoren kotxez 6 ordu Surat-eraino), asteartea ere bai (Mumbai-Delhi hegaldia eta ondoren Haridwar-eraino trenez beste 5 ordu). Atzokoa bileran pasa genuen eta gaurkoa berriz ere bidaian. Lehenik goizeko 6:30-etan abiatuta 6 ordu pasa ditugu trenean eta oraintxe bertan Delhiko aireportuan nago Kolkatarako hegaldiaren zain. India Europa bezain haundia izanik punta batetik bestera joaten denbora asko behar izaten da. Bi bilera egiteko 5 egun behar izan ditugu; hortxe froga.
Hala ere, atzokoan bilera azkar joan zen eta arratsaldean Haridwar hiriko kaleetan barrena paseatzeko aukera izan genuen. Haridwar Himalayaren magalean eta Ganges ibaiaren hertzean dagoen hiri bat da. Varanasi bezala hiri sakratua eta Ganges ibaiaren urak indar bizian doaz Himalayako glaziar urtzeen ondorioz. Varanasi bezain turistikoa ez dela esango nuke, atzerritar gutxiago ikusi nituen eta horrek bereziago egiten zuen inguruko panorama.
Goizean eguzki eklipsea izanik normalean baino jende gehiago zegoen. Hindu mitologiak dioenez honelako gertaeren ondoren Ganges ibaian bainu bat hartzeak bedeinkazio sakonago bat omen dakar. Eta hau horrela izanik sekulako jendetza zegoen ibaiaren hertzean.
Haridwar hitzak "jainkoaren atea" esan nahi du; Hari "jainkoa" eta dwar "atea". Yogaren hastapenak bertan eman omen ziren eta jende asko hurbiltzen da yoga ikasketak hartzera edo besterik gabe yoga praktikatzera. Ibaiaren hertzean, urak dakarren indarraren ondorioz, kateak jarrita dituzte bainatzerakoan beraiei heldu eta urak eraman ez zaitzan. Bestalde eta segurtasun gisa zubietatik kateak dituzte zintzilika, urak eramaten bazaitu beraiei heldu eta ibaiak eraman ez zaitzan; Harrigarria!
Ea zer moduzko argazkiak iruditzen zaizkizuen!

2009/07/17

Prakash Das

Fernando eta biok Kolkatan zehar mugitzeko kotxe bana dugu. Eta Indian kotxe bat ez da ulertzen txoferrarik gabe. Pakete berean datoz normalean. Oso arraroa da norberak kotxea gidatzea. Ia 20 milioiko hiri batean edozein tokita joan nahi duzula 45min. behar dituzu.
Erosketak egitera : 30min.
Zerbeza bat hartzera : 45min.
Te bat hartzera : 45min.
Jatetxe batera afaltzera : 45min.
Lanera : 1:15min. joateko eta 1:45min. etortzeko! Irakurri dezutena bai. Egunean 3 ordu egiten ditugu kotxe barruan; eta hori arazorik ez dagoenean. Istripuak, manifestazioak, blokeoak,... Hala ere barregarri edo kuriosoena Bengala Mendebaldeko gobernadorea hiriko kaleetan zehar mugitzen denean gertatzen da. Karretera denak blokeatzen dituzte berarentzako bidea garbi egon dadin. Harrigarria! "Incredible India" hemen esaten den moduan.

Kotxean ordu asko igarotzen ditugula ikusirik, txoferrarekin kimika berezi bat sortzen da. Azkenean berarekin pasatzen dugu egunean denbora gehien. Beraiek dira gure penak, haserrealdiak (egunean bat baino gehiago), txorakeriak,... jasaten dituztenak. Beraiek dira gure musika entzun behar izaten dutenak. Lasaia nahi dudanean Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Saioa,... Kantatu nahi dudanean ere (askotan egiten dut, bai bai!!) Benito, Mikel, Oskorri, Antonio Matxin, Ertzainak,... Beste batzuetan berriz, eta genio bizian nagoenean, musika gogorxeagoa jartzen dut (eta bolumen altuan gainera). EH Sukarra, Sorkun, Nuke, Kuraia, White Stripes, Reggae pixkat ere ezin falta, Bob, Alpha Blondie,...

Gure txoferrak Jarkhand-goak dira; inguruko estatu batekoak. Kolkatara etorri ziren lan bila; hemen aukera gehiago baitago. Biek izen bera dute; Prakash Das. Eta guk zenbakiak jarri dizkiegu. Prakash1 (Fernandorena) eta Prakash2 (nirea). Normalean, txoferrak familia pobreetatik datozte, ikasketarik gabeak dira eta Indian ia-ia anulatuak. Ingelesik ez dute hitzegiten eta zail egiten zaigu elkar ulertzea. Guk bengalieraz hitz batzuk ikasi ditugu eta beraiek ingelesez dakizkiten hitzekin eta esaldiekin hizketaldi minimo batzuk egitera iristen gara. Baina informazio sakonago bat transmititu nahi diegunean Rabiri deitzen diogu eta berak egiten ditu itzultzaile lanak. Ikusten duzuen moduan ez gara alperrik galtzen!

2009/07/14

Kolkata tour 2

Ondoren Rabik esaten duen bezala "Barrio de los alfareros"-ea joan ginen. Zonalde honetan Hindu erlijioan ospatzen diren Pujetan erabiltzen diren jainkoen estatuak egiten dituzte. Sekulako eskulana dago panpin edo estatua bakoitzaren atzean eta berehala jabetzen zara. Auzoa, postu edo taller ezberdinetan dago banatua eta bakoitza irudiaren zati batean dago espezializatua. Irudiaren eskeletoa, gorputza, apaingarriak, pintura,...












Azkenik hemen ikusten da emaitza. 6 hilabetetako lana eta Kanadako indioen elkarte baterako egindako Durga jainkosaren estatua. Bere eskubian Lakshmi, honen aurrean Ganesha (elefante burua duena), ezkerraldean Saraswati eta azkenik honen aurrean Gartik. Jainkosa bakoitzak bere garraio modua du; normalean animaliak, hala nola, zezena, xagua, sugea, lehoia,... Horiek ere ederki irudikaturik zituen honek.

Hemendik "Victoria Memorial"-era joan ginen. Ingelesek beraien erregina izandako Victoria omentzeko eta Kolkatari (Raj britaniarreko hiriburua) Taj Mahal ingeles edo europear bat eskeintzeko asmotan eraikitako jauregia. Taj Mahal-aren moduan erdian kupula erraldoi bat du eta 4 ixkinetan dorre bana. Egia esan ez dago konparatzerik baina Kolkatatarrek asko miresten dute beraien Taj Mahal. Begira bestela ze serio dagoen Rabisankar!
Kolkatan tea bakarrik edaten den ustea duena oker dabilela ere jabetzeko aukera izan genuen. Badago izkutuan, kale ixkin batean kafetegi ezagun bat. "Kafeteria de los intelectuales" esaten du Rabik. Garai batean eskenatokia zegoen eta antzerki obrak eta musika kontzertuak ematen zituzten. Jende ezagun eta jakintsua elkartzen omen zen bertan. Gaur egun, unibertsitatearen ondoan egonik, ikaslez beteta egon ohi da. Egia esan gazte hoiekin identifikaturik sentitu nintzen eta nere ikasle garaiak gogorarazi zizkidaten (ez dira aspaldiko garaiak eta gogoratzen zailak baina...). Nere txoferra, Prakash, ere gurekin igo zen kafe bat hartzera. Goxoa zegoen baina ligeroegia (ur gehiegi edo kafe gutxi). Nik behintzat hiru hartu nituen...
Eguna borobila benetan...

2009/07/12

Kolkata Tour

Nire guraso, izeba eta neskalaguna izan dira iada Kolkatan eta nik baino gehiago ezagutzen zuten inpresioa nuen. Rabirekin egindako tour-ak argitu ditu nire dudak. Ez nuen behar beste ezagutzen eta orain gehiago ezagutzen dut.


Goizean goiz abiatu ginen loreen merkatura. Bengala Mendebaldeko zelaietatik lorezaleak goizero trenez iristen dira, egunero jainkoen eskeintzarako erabiltzen den lore eskaera handiari aurre egiteko. "Al por mayor" edo handizkako salmentara dedikatzen dira eta Kolkatako lore saltzaileak bertara joaten dira eguneroko kargamentua erostera. Goizeko 4etatik gaueko 12etara izaten omen da mugimendua bertan. Bertako zikinkeria, loreen usain ona, inguruko usain txarra, jendetza, eromena eta loreen kolore biziak nahastean sortzen den egoera deskribaezina da; ea argazkiek laguntzen duten.









Merkatu hau Ganges edo Hooghly (ingelesek jarritako izena) ibaiaren ondoan dago kokatua; "Howrah Bridge"-n (Howrah-ko zubia) ondoan. Zubi hau 19. mendean ingelesek eraiki zuten Howrah hirian kokatu zuten tren estazioa eta Kolkata lotzeko asmoarekin. Egunero 80.000 ibilgailu eta 1.000.000 oinezkok zeharkatzen omen dute zubi hau!


Ondoren tenplu jainista batera joan ginen. Duela urte batzuk Kolkatara iritsi zen familia aberats batek eraikitakoa da eta sekulako dirutza gastatu zuen bertan. Eta gastatzen ari dena. Italiako marmola, Belgikako kristala, Persiako eta Irango ez dakit zer,... erabili zituzten eta orain ere modu berean ari dira zaharberritzen. Salatzekoa familia honen aberastasuna, dirua botatzeko ahalmena; inguruan dagoen pobrezia ikusita.





Eguna luzea izan zen eta jarraituko dut hurrengoan historia gehiagorekin.

2009/05/11

Maiatzak 10!

Nere Kolkatako familiak ez zidan hutsik egin eta ederki ospatu genuen!








2009/04/22

Urteberri On!

Horixe esan genion elkarri joan den asteazkenean: "Xubo Nabo Barxo" edo horrelako zerbait. Bengalatarren urteberri eguna izan zen apirilaren 16ean baino ez genuen kotiloi eta mahatsekin ospatu. Arratsaldean zentrora joan ginen te bat hartzera eta bapo afaldu ondoren berriro etxera.

Egun honetan ohitura denez eta urte berria agurtzeko erropa berria jantzi behar da. Fernando eta biok zintzo bete genuen esana eta Kurta Pyjama banarekin azaldu ginen zitara.

Hori da kolorea!

2009/04/19

Taj Mahal

Mogol dinastia islamiarreko Sha Jahan enperadoreak bere emazteetatik maiteena zuen Mumtaz Mahalen omenez eraikitako mausoleoa da Taj Mahal. Bere 14. seme-alaba erditzean hil zen Mumtaz Mahal eta bere hilotzaren erreplika dago mausoleoaren barruan; garai batean benetakoa zegoen arren. Sha Jahanek Jamuna ibaiaren beste aldean Marmol beltzez eraikitako bigarren Taj Mahal bat eraiki nahi izan zuen bera hiltzen zenerako baina ez zioten utzi. Beraz bere hilotzaren erreplika bere emazte maitearen aldamenean dago gaur egun.
Indiako tokirik bisitatuenetakoa da, urtean argazki gehien jasotzen duena eta gaur egungo munduko 7 mirarietako bat. Goizean goiz hurbildu ginen bertara, eguneko lehenengo eguzki printzekin marmol zuriak dir-dir egiten baitu. Eguzkitako betaurrekorik gabe joan nintzen eta benetan esaten dizuet min ematen zuela.
Jendez gainezka zegoen ingurua eta denak argazki politena ateratzeko angelu hobereneran bila zebiltzan. Azkenean normala hainbeste argazki jasotzea. Guk geuk 60tik gora egin genizkion; kupulari bakarrik!! Ea zer moduzkoak iruditzen zaizkizuen aukeratutako angeluak...
Laster arte...