2009/04/22

Urteberri On!

Horixe esan genion elkarri joan den asteazkenean: "Xubo Nabo Barxo" edo horrelako zerbait. Bengalatarren urteberri eguna izan zen apirilaren 16ean baino ez genuen kotiloi eta mahatsekin ospatu. Arratsaldean zentrora joan ginen te bat hartzera eta bapo afaldu ondoren berriro etxera.

Egun honetan ohitura denez eta urte berria agurtzeko erropa berria jantzi behar da. Fernando eta biok zintzo bete genuen esana eta Kurta Pyjama banarekin azaldu ginen zitara.

Hori da kolorea!

2009/04/19

Taj Mahal

Mogol dinastia islamiarreko Sha Jahan enperadoreak bere emazteetatik maiteena zuen Mumtaz Mahalen omenez eraikitako mausoleoa da Taj Mahal. Bere 14. seme-alaba erditzean hil zen Mumtaz Mahal eta bere hilotzaren erreplika dago mausoleoaren barruan; garai batean benetakoa zegoen arren. Sha Jahanek Jamuna ibaiaren beste aldean Marmol beltzez eraikitako bigarren Taj Mahal bat eraiki nahi izan zuen bera hiltzen zenerako baina ez zioten utzi. Beraz bere hilotzaren erreplika bere emazte maitearen aldamenean dago gaur egun.
Indiako tokirik bisitatuenetakoa da, urtean argazki gehien jasotzen duena eta gaur egungo munduko 7 mirarietako bat. Goizean goiz hurbildu ginen bertara, eguneko lehenengo eguzki printzekin marmol zuriak dir-dir egiten baitu. Eguzkitako betaurrekorik gabe joan nintzen eta benetan esaten dizuet min ematen zuela.
Jendez gainezka zegoen ingurua eta denak argazki politena ateratzeko angelu hobereneran bila zebiltzan. Azkenean normala hainbeste argazki jasotzea. Guk geuk 60tik gora egin genizkion; kupulari bakarrik!! Ea zer moduzkoak iruditzen zaizkizuen aukeratutako angeluak...
Laster arte...




















2009/04/07

Darjeeling Mail

Kolkatako bero jasangaitzetik ihesi, gaueko trena hartu eta Darjeeling-era abiatu ginen joan den ostegunean. 10 ordu trenean pasa ostean hantxe genuen zintzo-demonio gure txoferra bere 4x4 eta guzti; izan ere 2000 metroko altueraraino eraman behar gintuen. Bidean paisaia eta tenperatura aldaketa nabarmentzen hasi ginen. Bengala Mendebaldeko lautada zabal eta sargoriak utzi eta mendiko frexkura eta malkarretan murgildu ginen. Bidelagun genituen te soroak eta nekazariak. 4 ordu behar izan genituen tren geltokia eta Darjeeling banatzen dituzten 100 km-ak egiteko.

Britaniarrak Indian zirenean oporleku izendatu zuten inguru hau eta Kolkatako berosapatik ihesi bertan igarotzen zituzten udarako oporrak. Soldaduen sendaleku ere izan zen. Gaur egun nabarmena da beraiek utzitako arrastoa. Aurki dezakegun nabarmenetako bat eskolak dira. Oso ezagunak dira bertako hezkuntza zentroak eta India osotik bertaratzen omen dira ikasleak. Britaniarren ohiturari jarraiki uniforme kolore anitzak ikus ditzakegu; urdinak, berdeak, gorriak,...
Bertako erlijioari dagokionez, hinduismoak indarra galtzen du eta budismo eta katolikoa nabamentzen dira. Misiolari eskoziarrak egin zuten lan gogorraren etekina batetik eta Tibet eta Nepalgo etorkinen eragina bestetik. Budisten monastegi bateko atarian eserita egon ginen denboran, gure gurasoen haurtzaroko frantziskotarren garaiak gogorarazi zizkiguten bertan ikusitako umeek.


Darjeeling zonaldeak badu xarma berezi bat guretzako; aurrekaldean omen dituen Himalaya mendiak alegia. Omen esan behar beraiekin gozatzeko aukerarik ez baikenuen izan. Izan ere goiz, arratsalde eta gau behe-laino sakon batean harrapatuta baitzegoen Darjeeling hiria. Honela, munduko 3. mendirik altuena den Kanchenjunga ikusi ezinda gelditu ginen. Hala ere, elkarri zin egin diegu menditzar hauek eskeintzen duten ikuskizunaz gozatzera itzuliko garela.